
ELKARRIZKETAK
Julen Bilbao Itsalapurrak koadrilako ordezkaria eta herriko taldeak eragilearen partaidea. Basauriko Jaietan talde lokalen egunean jo zuen Lauzen taldearekin.

Nola antolatzen da Itsaslapurrak taldeko zuzendaritza?
Lehenik eta behin presidente bat dago eta gero lau edo hiru pertsonako zuzendaritza. Zuzendaritzaren barruan pertsona bakoitzak gauza ezberdinez arduratzen da, batek diruaren kontuak kontrolatzen ditu, beste batek jaitsieraren kontuak, beste batek lonjarena/lokalarena… Erabaki guztiak elkarren artean hartzen dira. Ni koadrilako batzorde kidea naiz eta nire egin beharra, herriko taldearen bileretara joatea da nire koadrilaren ordezkari bezala. Herriko taldearen bileretan zer esaten duten koadrilari igorri egiten diet eta koadrilak esaten duena herriko taldeari.
Zelan antolatzen da Herriko Taldeak?
Zuzendaritza talde batez osatuta dago eta horretaz aparte koadrila bakoitzaren bi edo hiru ordezkariz. San Fausto jaien inguruko gaiak antolatzeaz aparte Basauriko jai eta ekimen ugariz arduratzen dira: Inauteriak, Gabonetako jaiak, etab. Edozein gai edo ekimenen inguruko arazoak eta proposamenak eztabaidatzen dira eta erabaki edo konponbideak denon artean hartzen dira.
Zelakoa da Herriko Taldearen finantzaketa sistema ?
Herriko Taldeak Udaletxearen diru laguntzak jasotzen ditu, eta herriko taldeak koadrilen artean banatzen dituzte. Diru laguntza hauek alkohola saltzen ez duten koadrilei ematen dizkiete. Hau da, koadrila guztiek zurrakapotea banatzen dute borondatearen truke, baina beste batzuk horretaz a parte katxiak saltzen dituzte. Azkeneko hauei ez zaie diru laguntzarik ematen. Diru laguntzak normalen 300 eta 400 euroren artean daude.
Nola aukeratzen dira jaietarako kontzertuak?
Normalean bozkatu egiten da. Zuzendaritzak musika taldeak proposatzen ditu eta koadrila bakoitzeko ordezkariari proposamen horiek azaltzen dizkiete. Ordezkariek haien koadrilei proposamenak azaltzen dizkiete eta hauek beste proposamenen bat baldin badaukate bileran proposatzen da. Behin proposamen guztiak edukita, presupuestoak begiratzen dira, datak, behar den ekipamendua … eta herriko taldean bozkaketa egiten da eta taldeak erabakitzen dira.
Kontzertuen aspektuan zerbait hobetu behar dela uste duzu?
Bai. Talde euskaldun gehiago ekarriko nituzke. Aurten kontzerturik handiena “Efecto Pasillo” izan da, eta hauek kobratzen duten diruarekin hemengo hiru talde ekarri ditzakegu. Gainera talde euskaldunak gaur egungo gazteen gustukoak dira eta inguruko jende gehiago Basaurira etorriko litzateke. Horretaz a parte talde lokalei ere aukera gehiago emango nizkieke. Aurten talde lokalen kontzertuak astelehenean ipini dituzte eta oso jende gutxi joan zen hauek ikustera. Ni kontzertu horiek astelehen batean ipini beharrean, kontzertu handien aurretik jarriko nituzke, jende gehiago joan dadin.
Kontzertu eman zenuten zure taldearekin (Lauzen), esperientzia polita izan da? Datorren urtean ere jotzea pentsatu duzue ?
Oso gustura hartu genuen notizia. Nik egin nuen proposamena Herriko taldean. Kontzertuen arduradunarengana joan nintzen eta nire taldearekin kontzertua ematea gustatuko litzaidakeela esan nion. Beraz, zozketa bat egin genuen Basauriko beste talde lokalekin batera, eta gur taldea atera zen beste batzuen artean. Esperientzia oso polita izan zen nire herrian kontzerta ematea, okerrena euria egin zuela izan zen eta horregatik ez zen jende gehiegi animatu etortzera. Oso ondo zaindu gintuzten antolatzaileek eta ekipo oso ona utzi ziguten kontzerturako. Denobralditxo bat daramagu ia kontzertuak ematen. Maketa bat prestatzen ari gara, kamiseta batzuk ere bai … nahiko ondo doa dena. Eta asko gustatuko litzaiguke datorren urtean berriz jotzea, baina aukera eman behar diegu Basauriko beste talde batzuei ere .
Azkenik, zeozer hobetuko zenuke jaien antolakuntzan?
Jaietan jende gehiago parte hartzea izango litzateke funtsezkoena. Bai ekintzetan, laguntzerako orduan, Herriko taldean guardiak egiterako orduan, behar den bezala janzterako orduan, etb. Eta garrantzitsuena, hemengo ohiturak sustatzea izango litzateke, kanpokoak baino. Gure herriko merkataritza sustatzea ere oso garrantzitsua da eta jaiak aukera ona dira horretarako.
Aitor Martínez León Ontzak koadrilako zuzendaritzaren partaidea
Nolakoa da zuen koadrilaren antolakuntza ?
Hamabi pertsonaz osatutako zuzendaritza gara eta hainbat taldetan bananduta gaude dena ondo antolatzeko. Hiru talde daude, lehenengoa txikien inguruko ekintzak presatzen dituzte, bigarrena lonja/lokalaren prestaketaz eta apainketaz arduratzen dira eta hirugarrena zurrakapotearen prestaketaz arduratzen dira.
Ekintza solidarioetan parte hartzen duzue ?
Bai. Urte batzuk daramagu egiten “pancetada solidarioa”. Ekintza honekin lortutako dirua beste lau koadrilekin biltzen ditugu. Normalean diru hori ume gaixoentzat zuzenduta dago, gaixotasun arraroak dutenentzat eta gaixotasun horien tratamendua garestia denentzat. Normalean lau koadrilen artean 3500 eta 4000 euro inguruan lortzen ditugu.
Txikientzako eta jubilatuentzako ekintzak prestatzen dituzue ?
Bai. Berez Basuriko Jaietan txikiek bere egun propioa daukate herriko taldeak antolatuta, baina guk egun hori ospatzeaz a parte beste egun bat prestatzen dugu haientzako. Merendola bat egiten diegu, joko eta tailerrak prestatzen ditugu, antzerki edo mago bat ekartzen dugu … Oso aberasgarria da guretzako ekintza hauek prestatzea umeen poza eta ilusioa nabaria delako. Gainera ondo zaindu behar ditugu gure txikiak, hauek baitira gure koadrilaren etorkizuna. Jubilatuentzako ekintzetan ere parte hartzen dugu. Herriko taldeak prestatutako egunean, bazkari bat prestatzen dute Kaleroko Jubilatuen egoitzan eta gu normalean hamar edo hamabi pertsonako taldea osatzen dugu bazkarira joateko eta jubilatuei janaria emateko.
Zer dira zuretzako Basauriko Jaiak? Zerk ezberdintzen ditu beste jaietatik?
Niretzako urteko asterik hoberena da. Lan asko egin behar da urtean zehar jaiak prestatzeko eta ailegatzen direnean ilusio handiz hartzen ditugu. Ordu asko pasatzen ditugu lonja prestatzen, ekintzak burutzen … Eta azkenean jaiak ailegatzerakoan gogoz gozatu behar dira. Beste jaietatik desberdintzen dituena da, 24 orduz bizitzen diren jaiak direla, lotan zaudenean ere jaietan pentsatzen ari zarela. Oso aberasgarriak dira niretzako Basauriko Jaiak, hainbeste lan egin eta gero oso pozgarria delako hauek gozatzea eta herriko koadrila guztiak batu egiten garelako bederatzi egun zoragarriez gozatzeko.
Zer hobetuko zenuke datorren urteko jaietarako?
Jendearen parte hartzea hobetuko nuke. Bakoitzak bere koadrilan gehiago parte hartzea, laguntzea, etab. Koadrila guztietan gertatzen da gauza bera pila bat pertsona apuntatzen dira baina azkenean beti joaten dira hamar, hamabost, edo hogei pertsona bakarrik lonja prestatzera, zurrakapotea egitera … Azken batean denoi gustatzen zaigu jaiez gozatzea baina horretarako urtean zehar lan egin behar da. Normalean beti ikusten dira aurpegi berdinak lan egiterako orduan. Dena ondo joaten denean ez dago arazorik, baina lonjaren apainketan atzeratuta gaudenean edo denboraz justu gaudenena, liskarrak etortzen dira, urduritasuna … eta gauza hauek ez lirateke gertatuko jende gehiago animatuko balitz laguntzera. Eskertzen da jende berria etortzea, lehenago bukatzen direlako gauzak eta azkenean hobeto pasatzen dugulako.
